XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beroa gorputz batzuetatik besteetara hedatzen da.

Hala ere beroaren hedapena ez da berdina izaten solido, likido eta gasetan.

Arazo hau aztertzeko esperientzia batzuk egingo ditugu eta behaketak eginez ea zein ondoriotara iristen garen....

Etxeko edo ikasgelako berogailu edo irradiagailuaren gainean jar ezazu burdinazko tresna bat: mailua, aliketak, bihurkina....

Utz ezazu han denbora batez eta gero aztertu: aldatu den, berotu ala hoztu egin den, nondik jaso duen berotasuna....

Gertatutakoaren arrazoiak aurkitzen saia zaitez eta idatz ezazu zure koadernoan zeuk asmatutako teoria.

Gorputz solidoetan kondukzioz, eroalpenez egiten da beroaren hedapena, gorputz bateko beroa ondoan dagoenari pasatzen ziolarik.

Beroaren hedapena kondukzioz gertatzeko, bero aldaketa egiten duten gorputzek elkarren ondoan egon behar dute, eta tenperatura ezberdina eduki.

Orduan, tenperatura handiagoa duen gorputzetik txikiagoa duenarengana pasatzen da beroa eta horrela jarraitzen du bien tenperatura berdindu arte.

Beroena zegoena hoztu egiten da eta hotzena zegoena berotu.

Egizu orain froga berri bat gorputz solido desberdinak berotzen jarriz.

Jar itzazu berogailuaren gainean burdinazko, egurrezko, harrizko, altzairuzko, plastikozko, etab.ezko gauzak.

Utzi denbora batez eta egin gero honako behaketak: - Ikusi ea denak berdin berotzen diren.

- Ikusi berotasuna gorputz osora zabaltzen den ala ez.

- Eztabaidatu zein gorputz diren berotzen errazak eta zein zailak.

- Eztabaidatu zergatik eltzeak metalezkoak eta kirtenak plastiko edo egurrezkoak izaten diren.